BIZIAREN EDERTASUNA





Gaur, Martxoaren hogeita batean, Udaberrian sartu gara, ba zen ordua.
Aurtengo negua oso arraroa izanda, denetik egin du, kriston hotza, hegohaizea, leku askotan euri gehiegi, beste leku askotan auskalo zer?
Hor goien zerbait aldatu da, zerbait esan dut, baina nere iritziz asko aldatu da. Gu, txikiak garenok, ezin dugu ezer egin, beraz, jarraituko dugu dakiguna egiten.
Nik jarraituko dut idazten. Orain gelditu egingo naiz, idazteko aurretik pentsatu egin behar delako. Ea oraingoan zer bururatzen zaidan.
Ba dakit zer egingo dudan, bertso batzuk idatziko ditut.


BIZIAREN EDERTASUNA



Bizia da oparia
gutxitan eskertzen dena
sortu egiten gaituzte
eskatu gabe baimena
hori gertatu ezkero
bizitzea da onena
egunero jaiotzea
ez da aukera txarrena.
Bizia biziko dugu
guk badaukagu kemena
gure helburuak lortuz
Zoriona da gizena
goazen dena gozatzera
ordainduko du azkena
bizia da jostailua
inoiz aspertzen ez duena.


Gaztaroa iritsi da
mundu osoa jateko
Udaberria maitatzen
Udazkena baztertzeko
helburuz beteta dago
erdia ez egiteko
zertarako jaio gara
ez baldin bada amesteko.
Goizero esnatzen gara
ametsak eraikitzeko
egiaren teilatuan
mitxoletak ipintzeko
justiziaren pareta
margo beltzez apaintzeko
izanaren zutabeak
musu gorriz sendotzeko.

Sentimendu ederrena
da bestea maitatzea
negarrez bizi denari
maitasuna ematea
lepotik goxo helduta
musuak oparitzea
hori baita betidanik
adiskide izatea.
Sentimenduen urrea
ze zaila den herdoiltzea
maitasunaren odola
ez da posible urtzea
egitasmoen bidea
txarra denez aldatzea
askoz hobea da beti
garenari jarraitzea.



Ideologi onena
da sabela betetzea
txuleta ederrak janda
ardo ona edatea
askoz hobea delako
baraurik ez pentsatzea
ez baita inoiz berdina
pentsatu eta asmatzea.
Ideia ez da harria
erreza da puskatzea
puskatu baino hobe da
arrazoiez aldatzea
hausnarketa da bidea
idei denek gizentzea
onenak erabili ta
kaskarrenak gordetzea.


Maitasuna zer ote da
ez baldin ba da bizia
goizetikan gaueraino
guk behar dugun argia
sentimenduek ematen
diguten musu garbia
Zorionak oparitzen
digun laztan berezia.
Benetan nabil idazten
sinistu pozik egia
gezurra ez da jan behar
Maitasuna da ogia
bizia denontzat da ta
jan beti ogi erdia
maitearekin banatu
bizia eta kabia.



Pertsonak hemen gabiltza
parrandan eta lanean
jatorrak nahi dugu izan
baina bakarrik goizean
gauean gizentzen gara
aurrean eta atzean
ze ederra den bizia
asko gastatzen denean.
Ez gara oso zintzoak
ba goaz bide txarrean
bidea zuzentzen dugu
gogoratzen garenean
eta ez gara aldatuko
sosa dugun bitartean
Kontzientzia askotan
ez du afaltzen etxean.


HURRENGOA : GORA TXURREROEN ATERKIAK

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada