NI NAIZ EUSKALDUNEN AMA


HIRUGARREN ATALA


Gaur Irailaren 15 da. Egun honetan jende pila jaio gara, bat aipatzeagatik Lazkao Txiki HANDIA, Goierriko baserri batean jaio zen.
Ni Donostin jaio nintzen gaur dela 58 urte, nola pasatzen den denbora!
Hala ere, denborak ez digu hainbeste zigortzen, gauzak egiteko gai gara oraindik, batzutan bertsoak, beste batzutan olerkiak, esaldiak, ahal duguna egiten dugu, hirugarren mailan ezin da askoz gehiago egin.
Lasai bizi naiz, patxadan, gertatzen zaidana kontatzen.
Eta badaukat zer kontatzerik: orain dela gutxi, ari nintzen kafea lasai hartzen eta bat batean, bi Euli hasi dira eztabaidatzen.
Pentsatu dut, laister bukatuko dute, goizetan normalki idatzi egiten dut eta ez da ona zarata egotea inguruan. Horrelakotan egoten naiz lehiotik begira, ea isiltzen diren.
Gero eta saltsa gehiago zegoen, azkenean entzutea erabaki dut.

-- Euskalduna da Euskal Herrian jaio dena.
-- Hori ez da egia. Euskalduna da hemengo abizenak dituena

. Bi Euli gazte dira, bat ezagutzen dut, beno, bere amona, Azkainen bizi da.

-- Euskalduna da Euskeraz hitzegiten dakiena.
-- Hori ez da horrela. Jakin behar du irakurtzen eta idazten ere.

Pentsatu dut gaurko eztabaida egun osorako izango dela, horrela jartzen direnean Euliak oso egoskorrak dira.
Jaio berria den Euli txiki bat, mahai gainera igo da eta :

Euskalduna ez da Euskera dakiena,
Euskeraz bizi dena baizik.


Euli txikia izateko, bota duen esaldia, ez da batere txikia …
Harritu egin nau, bai horixe. Galdetu egin behar diot noiz egin duen.

-- Aizu noiz egin duzu esaldi hori edo bat batean etorri zaizu?
-- Ez dut egin, irakurri egin dut.
-- Irakurri, non?
-- Inon ez ¡

Eulien amona zaharra sartu da etxean.

-- Patrixi! Orain ere txukuna zatoz.
-- Zorionak Kaiku.
-- Zergatik esan duzu, esaldia ez duela inon irakurri ?
-- Gure arteko gauzak direlako.
-- Ni ez naiz zuen tartekoa?


Patrixik ez du berehala erantzun nahi, hemen badirudi misterio bat dagoela.

-- Kaiku, Biriatun Euliak haitzulo bat dugu eta han idatzita daude gauza asko.
Euskerak idatzi duen Olerki bakarra han dago, duela milaka urte.
-- Eta nik ezin dut ikusi.
-- Ez, ni buruz dakit eta esango dizut.


NI NAIZ EUSKALDUNEN AMA

Ni jaio nintzen bakarrik,
haitzulo batean, ilunpetan,
ez zegoen argirik, argia ni nintzen,
jaio nintzelako herri baten ama izateko,
Euskal Herriaren ama.
Ez nuen gurasorik,
izar bat da nere amona,
Eguzkiaren arreba da nere amona,
berak ematen dit indarra, hauspoa,
bizitzeko gogoa.
Haurtzaroa oso polita eduki nuen,
zazpi urtekin haitzulotik atera nintzen,
lore artean jolasten jaio ziren
nere silabak, hitzak, aditzak,
Poesien artean eman nizkion biziari
lehendabiziko musuak.
Egunsenti liluragarri batean,
Ilargia gaupasan zebilela,
amonak esan zidan nere izena : EUSKERA
Euskera naiz, Euskaldunen ama.
Gaztaro oso ederra izan nuen,
hasten, sendotzen, indartzen,
horrela lortu nuen

Euskal Herriko hizkuntza izatea.
Nere bizia oso goxoa zen
Euskaldun denak maite zuten ama,
egun triste bat azaldu zen arte,
erdera etorri zen Euskal Herrira bizitzera.
Bat batean, hizkuntz zaharra, baldarra,

baserrietan bakarrik bizitzen dakiena....
Ez omen dut Kulturarik,
ez omen naiz etorkizunik duen hizkuntza….

.......................................................................  
Suak ikasi duen hizkuntza
ur pozoinduak ez du itzaliko.
Milaka eta milaka urte ditut,
baina nere irribarreak ez du zimurrik,
nere odolak irakiten du egunero,
nere bihotzak ez daki zer den nekea,
nere pausoek egiten dute bidea,
ni naiz HILEZKORRA den EMEA !!!
Nere hitza eta nere aditza,
dira Kulturaren ihintza,
historiaren bizitza,
etorkizunaren haritza,

atzoko eta biharko giltza.
Eutsi seme-alabak,
AMARI tinko besarkatuz.
Gu gara Euskal Herria!
MAITE ZAITUZTET !!!

-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : ZORITXARRAREKIN EGIN DUT TOPO

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada